Mostrando entradas con la etiqueta ZUZEU. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta ZUZEU. Mostrar todas las entradas

sábado, 14 de abril de 2012

Zorionak ZuZeu




ZuZeu albistariak hiru urte bete ditu sarean. 2009ko apirilaren 14an plazaratu zen ofizialki euskaldunon orainkari horizontala. Hiru urte ez da ezer izenburupean sarreratxo bat eskegi dute webgunean, non audientzia datuak argitaratzen dituzten. Sarrera kopuruak, erabiltzaileak, jarraitzaileak goraka doaz. Zorionak, harro egoteko modukoa benetan.


Hiru urte ez dela ezer esaten dute, baina egun pairatzen ari garen krisiarekin bizirik irautea erronka handia da. Are gehiago euskal hedabideentzat, eta ZuZeu sarean erreferente bilakatu da euskaldunentzat. Baliabide gutxirekin euskaraz kalitatezko produktua ekoiztea lortzeaz gain, euskal komunitate birtuala sortu du. Elkarreragin handiko hedabide honek erabiltzailea sarean adieraztea ahalbidetzen du puri-purian dauden gaiaz eztabaidatuz. 

Komunikazio eredu dinamiko, berritzaile eta erakargarria sustazen du ZuZeuk, eta ahalegin horretan itxura berrituarekin agertu zaigu gaurko egunean. Hirugarren urteaurrena ospatzeko opari ederra ZuZeulari guztientzat.





miércoles, 21 de diciembre de 2011

Interneten ez dago hizkuntza txikirik, nahi duguna izango gara

Idoia Gaton

Atzo, Euskara eta Internet ogibide dituzten profesionalak ezagutzeko aukera ezin hobea izan nuen. Izan ere, UPV/EHUren Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean hainbat profesional aditu bildu ziren euskarazko komunitate birtualez gogoeta egiteko. Multimedia Komunikazioa Masterreko irakasleek antolatu zuten ekitaldia, eta bertara bildu ginen, halaber, masterreko ikasle guztiok mahai-inguruaren nondik-norakoak entzuteko. 




Horrelako solasaldiek ideia interesgarriak entzuteko aukera eskaintzen dute, eta era berean,  gogoeta egitera bultzatzen zaituzte. 

Luistxo Fernandezek esan zuen moduan, sare sozialak harreman pertsonalak zabaltzeko eta indartzeko tresna baliagarriak dira; are gehiago, gaur egun ezinbesteko erremintak bilakatu dira harreman profesionalak ere ehuntzeko. Bestalde, Maite Goñik aholku gisa bota zuena aintzat hartuz, gaur egun ezinbestekoa da nork bere irudi, presentzia eta ospe digitala garatzea eta zaintzea. Izan ere, ez zara inor, sarean ez baduzu nolabaiteko izena eta izana. 


Eta hori bera gertatzen zaio euskarari ere. Sarean bere presentzia sendotu eta trinkotu behar duela bizirik irauntzeko. Horretarako, adibidez, funtsezkoa izan zen Google-ek euskararen izatea aintzat hartzea. Baina, modu berean Facebook edota Twitterrek euskarazko interfazea izatea eta euskaldunek ere beren burua euskalduntzat agertzea sarearen amaraunean. 


Zorionez, demografikoki euskal komunitate birtuala txikia den arren,  oso gogotsua da proiektuak aurrera ateratzen. Halaber, nahiz eta euskara hizkuntza gutxitua izan, ez dago zaharkitua eta horren erakusle Lander Arbelaitzek adierazi zuena da: wikipedian 6.000 hizkuntzetatik berrogeigarrena da euskara. Beraz, Internetekin, euskarak, hizkuntza zaharkituaren zama kentzeko aukera du.

Atzoko mahaingurua osatu zuten adituak bat zetozen ondorengo ideiarekin: hizkuntza gutxitu guztien helburua Interneten egotea izan behar du eta xede horretarako ezinbestekoa da, alde batetik, interfazeak euskaratzea eta bestetik, euskarazko edukiak sortzea. 

Baina Maite Goñik esan zuen moduan, Interneten alorrean, hizkuntza guztiek daukaten zailtasunari aurre egin behar dio euskarak ere. Alabaina, erabiltzaileak ez daude sareko edukiak kontsumitzeagatik ordaintzen ohituta, eta hori, etorkizunari begira, arazo bat da. 

Medio digitalek ezin dute publizitatetik bakarrik biziraun; are gutxiago administraziotik laguntzarik jasotzen ez badute. Euskarak sarean toki duin bat izan dezan ezinbesteko dira hizkuntza-politika publiko irmoak eta iraunkorrak. Eta atzo Hasier Etxeberriak, ZuZeu albistariaren sortzaileak aipatu zuen bezala "ez bagenitu bezala bizi gara". Ildo berean, Luistxo Fernandezek salatu zuen euskarazko MM&D hedabideek erakundeetatik ez dituztela apurrak ere jasotzen.

Euskarazko komunitate birtualak ehuntzeko estrategiak landu behar direla aipatu zuen Agurtzane Elorduik, ekitaldiaren antolatzaileak. Izan ere, orain arte, euskal ziber-hedabideek, gehienbat, euskarari dioten atxikimenduagatik egin dute aurrera; ez hainbeste ikuspegi estrategikoa izan dutelako. 

Baina maitasuna ez da aski euskara sare sozialetan txertatzeko. Alegia, medioa edozein delarik ere, kalean gaztelaniaz egiten duenak interneten ere halaxe egiten du. Eta horrek eragin biderkatzailea du, gazte horiekin harremanetan jartzen diren euskaldunek ere gaztelania erabiliko dutelako, nahiz azken horiek egunerokoan euskaraz gehiago aritu. Errealitate soziolinguistikoak erakusten du gazteek gaztelera lehenesten dutela Facebook, Tuenti eta Twitter bezalako sareak erabiltzen dituztenean. Beraz, medioak ez du ezer aldatzen eta kalean gazteleraz egiten baduzu Interneten ere gazteleraz egingo duzu.

Gauzak horrela, argi dago testuinguru zaila duela euskarak sarean. Kontuk kontu, zeinek esan, euskara guk nahi duguna izango da etorkizunean. Geure esku dago.

jueves, 15 de diciembre de 2011

ZUZEU euskarazko ziber-hedabideen kalitatearen adibide

Idoia Gaton

Euskal Herriko MM&D hedabideek nagusiki bi erronkari egin behar diote aurre. Alde batetik, multimedia aro berrira egokitu behar dute eta bestetik, euskarazko komunikazioa sustatu behar dute. ZUZEU, euskaldunon albisteri horizontalak, bi eginkizun horiek argi eta garbi betetzen ditu. 
Euskararen normalizaziorako ezinbestekoa den jarrera dinamikoa suspertzeaz gain, kalitatezko produktuak ekoizten dituela esan dezakegu. Horrela, www.naiara-multimedia.blogspot.com blogean adierazten den bezala ZUZEUk “jarrera aktiboa bultzatzen du eta euskaraz idazten trebatzeko erraminta ezin hobea da”.
Era berean, ZUZEU eta antzeko webguneek argi uzten dute, euskaraz ekoitzitako produktuak badirela eta kalitate onekoak direla gainera. zuzeu.com-en kasuan, puri-purian dauden gaiak jorratzen dituzte eta xehetasun hori aipatutako kalitatearen adierazle izango litzateke.

Blog formatuaz baliatzen den web-orri honek sarean gai ezberdinez aritzea ahalbidetzen du. Testuak euskara maila onean eta batuan idatziak daude eta sare sozialak  ere erabiltzen ditu (Facebook, Twitter) hartzailearekin feedback-a sortzeko. Interaktibotasun handiko ziber-hedabide bat da eta komunikazio eredu dinamikoa, berritzailea eta erakargarria sustatzen du zuzeu.com. 

Hala ere hutsuneak ere baditu, eta multimedia baliabideak zehaztasun handiagoarekin erabili daitezkeela deritzot. Adibidez, webgunearen diseinua gehiago zaindu daiteke testua justifikatuz. Itxura aldetik txukunagoa geldituko litzateke.



Dudarik gabe, ZUZEU bezalako hedabideak beharrezkoak dira euskal kultura eta euskara gure artean finkatzeko eta munduan zehar zabaltzeko.

ZuZeu webguneari buruzko azterketa gehiago egin dira eta hemen aurkitu ditzakezue, nire aburuz, oso interesgarriak direnak: