Idoia Gaton
Atzo, Euskara eta Internet ogibide dituzten profesionalak ezagutzeko aukera ezin hobea izan nuen. Izan ere, UPV/EHUren Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean hainbat profesional aditu bildu ziren euskarazko komunitate birtualez gogoeta egiteko. Multimedia Komunikazioa Masterreko irakasleek antolatu zuten ekitaldia, eta bertara bildu ginen, halaber, masterreko ikasle guztiok mahai-inguruaren nondik-norakoak entzuteko.
Sei aditu entzutetsuk osatu zuten mahaia: Luistxo Fernandez (Sustatu.com, CodeSyntax), Lander Arbelaitz (Argia.com), Hasier Etxeberria (Zuzeu.com), Idurre Eskisabel (Berria.info), Maite Goñi (Euskaljakintza.com) eta Lontzo Sainz (Eitb.com).
Horrelako solasaldiek ideia interesgarriak entzuteko aukera eskaintzen dute, eta era berean, gogoeta egitera bultzatzen zaituzte.
Luistxo Fernandezek esan zuen moduan, sare sozialak harreman pertsonalak zabaltzeko eta indartzeko tresna baliagarriak dira; are gehiago, gaur egun ezinbesteko erremintak bilakatu dira harreman profesionalak ere ehuntzeko. Bestalde, Maite Goñik aholku gisa bota zuena aintzat hartuz, gaur egun ezinbestekoa da nork bere irudi, presentzia eta ospe digitala garatzea eta zaintzea. Izan ere, ez zara inor, sarean ez baduzu nolabaiteko izena eta izana.
Eta hori bera gertatzen zaio euskarari ere. Sarean bere presentzia sendotu eta trinkotu behar duela bizirik irauntzeko. Horretarako, adibidez, funtsezkoa izan zen Google-ek euskararen izatea aintzat hartzea. Baina, modu berean Facebook edota Twitterrek euskarazko interfazea izatea eta euskaldunek ere beren burua euskalduntzat agertzea sarearen amaraunean.
Eta hori bera gertatzen zaio euskarari ere. Sarean bere presentzia sendotu eta trinkotu behar duela bizirik irauntzeko. Horretarako, adibidez, funtsezkoa izan zen Google-ek euskararen izatea aintzat hartzea. Baina, modu berean Facebook edota Twitterrek euskarazko interfazea izatea eta euskaldunek ere beren burua euskalduntzat agertzea sarearen amaraunean.
Zorionez, demografikoki euskal komunitate birtuala txikia den arren, oso gogotsua da proiektuak aurrera ateratzen. Halaber, nahiz eta euskara hizkuntza gutxitua izan, ez dago zaharkitua eta horren erakusle Lander Arbelaitzek adierazi zuena da: wikipedian 6.000 hizkuntzetatik berrogeigarrena da euskara. Beraz, Internetekin, euskarak, hizkuntza zaharkituaren zama kentzeko aukera du.
Atzoko mahaingurua osatu zuten adituak bat zetozen ondorengo ideiarekin: hizkuntza gutxitu guztien helburua Interneten egotea izan behar du eta xede horretarako ezinbestekoa da, alde batetik, interfazeak euskaratzea eta bestetik, euskarazko edukiak sortzea.
Baina Maite Goñik esan zuen moduan, Interneten alorrean, hizkuntza guztiek daukaten zailtasunari aurre egin behar dio euskarak ere. Alabaina, erabiltzaileak ez daude sareko edukiak kontsumitzeagatik ordaintzen ohituta, eta hori, etorkizunari begira, arazo bat da.
Medio digitalek ezin dute publizitatetik bakarrik biziraun; are gutxiago administraziotik laguntzarik jasotzen ez badute. Euskarak sarean toki duin bat izan dezan ezinbesteko dira hizkuntza-politika publiko irmoak eta iraunkorrak. Eta atzo Hasier Etxeberriak, ZuZeu albistariaren sortzaileak aipatu zuen bezala "ez bagenitu bezala bizi gara". Ildo berean, Luistxo Fernandezek salatu zuen euskarazko MM&D hedabideek erakundeetatik ez dituztela apurrak ere jasotzen.
Euskarazko komunitate birtualak ehuntzeko estrategiak landu behar direla aipatu zuen Agurtzane Elorduik, ekitaldiaren antolatzaileak. Izan ere, orain arte, euskal ziber-hedabideek, gehienbat, euskarari dioten atxikimenduagatik egin dute aurrera; ez hainbeste ikuspegi estrategikoa izan dutelako.
Baina maitasuna ez da aski euskara sare sozialetan txertatzeko. Alegia, medioa edozein delarik ere, kalean gaztelaniaz egiten duenak interneten ere halaxe egiten du. Eta horrek eragin biderkatzailea du, gazte horiekin harremanetan jartzen diren euskaldunek ere gaztelania erabiliko dutelako, nahiz azken horiek egunerokoan euskaraz gehiago aritu. Errealitate soziolinguistikoak erakusten du gazteek gaztelera lehenesten dutela Facebook, Tuenti eta Twitter bezalako sareak erabiltzen dituztenean. Beraz, medioak ez du ezer aldatzen eta kalean gazteleraz egiten baduzu Interneten ere gazteleraz egingo duzu.
Gauzak horrela, argi dago testuinguru zaila duela euskarak sarean. Kontuk kontu, zeinek esan, euskara guk nahi duguna izango da etorkizunean. Geure esku dago.
Nire salaketa horri dagokionez: "instituzioetatik apurrak ere ez dituztela jasotzen salatu zuen". Zehaztu nahi nuke komunikazioaren, euskalgintzaren eta teknologiaren bidegurutzean lan egiten dugun proiektuetan banatzen direla apurrak; ez zen kexu bat espezifikoki "neureari" zuzendutakoa, Sustaturi edo CodeSyntax-i zegokiona. Ikuspegi eta bultzada politiko estrategiko baten falta salatu nuen, eta salatzen dut.
ResponderEliminarEmaten du bire izenpea Tagzania gisa irtengo dela, baina Luistxo Fernandez naiz, e?
Eskerrik asko Idoia, kronikagatik.