martes, 10 de enero de 2012

Sentitu, pentsatu, ekin eta dantzatu denok Porrotxekin

Porrotx pailazoa izan dugu bisitan Multimedia Komunikazio Masterrean. Bere esperientzia pertsonala eta profesionala partekatu du ikasleekin. Bizitza honetan onena jasoz, onena eman digu.

Jose Marik Agirretxek 25 urte daramatza euskara alaitasunez kalera ateratzen. Inurri baten moduan, gure kultura, nortasuna eta oinarria munduan zehar zabaldu du inor zapaldu gabe. Hasiera batean Lasarte-Oriako herrigintzan jaio zen proiektua, euskara, alaitasuna eta baloreak ardatz dituen proiektu sendo batean bilakatu da. 

Jose Mari berak aitortzen du orduko garaietan oso ganberro izan zirela baina pixkanaka-pixkanaka errealitatetik jasotako gaietatik saioak sortzen hasi ziren. Espero ez duzun lekuan gai bat agertzen dela esan du. 

Ane pirataren kasua da hori. Piratak ipuin-saileko pertsonaia minbiziak jota hil zen neskatila elgoibartar batean oinarrituta dago. Ane Perez-en istorioa ezagutu dut gaur. Dudarik gabe eredugarria da Aneren jarrera bizitzarekiko, azken eguna arte bizitzaz gozatzen. Ilusioa eta energia positiboa ezinbestekoak dira bizitzari aurre egiteko eta Jose Mariren hitzak azpimarratuz, hobe da gutxi bizitzea abenturaz beteta, asko bizitzea abentura gutxirekin baino.

Umorearekin koloretako mundu bat sortu nahi dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek.  Mundu globalizatu honetan gurea bezalako herri txiki batek eta gurea bezalako hizkuntza gutxitu batek bere lekua duela erakusten digute egunero. Pailazoak eredu dira haurrentzat eta horregatik eskertzekoa da gure lagunek Irrien lagunak kluba bezalako proiektuak sustatzea.

Oso aberatsa da gure herria, aspalditik gatoz eta urrutira goaz, beraz, gauzak lasai hartu eta krisi garai honetan irudimena eta auzolana landu. Bihotza, burua, eskua. Pentsatu, sentitu, eta ekin denok elkarrekin!




Porrotxek mundua kolorekoa dela erakutsi digu. Mila esker, maite zaitut.

Agur Graxiana




Hemen duzue amaiera. Mila esker istorio honetan parte hartu duzuen guztioi! Zuen gustokoa izatea espero dugu.



jueves, 5 de enero de 2012

5.3 graduko lurrikara Karibeko Hispaniola uhartean

Idoia Gaton
Goizeko 05:30k aldera (bertako ordua) 5.3 graduko lurrikarak Errepublika Dominikarra astindu du. Epizentroa Santo Domingotik gertu izan da, San Jose de Ocoa-ko probintzian hain zuzen ere. Nahiz eta lurrikara hegoaldean izan, herri osoan nabaritu dute mugimendua, EFE agentziak esan duenaren arabera. 
Lur astinaldia hamar kilometro inguruko sakoneran izan da eta lur azaletik oso hurbil. Hori dela eta, ez da tsunami alerta piztu. Lurrikararen lehenengo orduetan indar gutxiko 4 erreplika egon dira.


Arratsaldeko bostak aldera (goizeko hamaikak Errepublika Dominikarrean) San Pedro de Macoris-en bizi den euskaldun batek esan duenaren arabera, ekialdeko eskualdean ez da lurrikara nabaritu. Telebistaren bidez izan du albistearen berri eta bertako biztanleak oso lasai daudela esan du. 


Richter eskalan 5.3ko indarra izan duen lur dardarak ez du ez hildakorik ez zuriturik eragin, soilik lur-jausi txiki batzuk. 



martes, 3 de enero de 2012

JALGI HADI SAREAREN AMARAUNERA

Idoia Gaton


Otsailaren 11n ehunka mila pertsona Kairoko Tahrir plazara jalgi ziren Egiptoko historia norabidez aldarazteko. Egiptoarrak kalera atera ziren trumilka, 30 urteko indarkeria eta ustelkeria amaitzeko eskatzeko. 847 lagunek eman zuten bizitza Hosni Mubarak diktadorea boteretik kentzearen truk. 

Matxinada Interneten hasi zen. Askatasunaren oihuak sarearen amaraunean entzuten  hasi ziren. Egiptoarrek etxean gertatzen ari zenaren berri eman nahi zuten zentsuraren mugak gaindituz. Internet eta teknologia berriek eskaintzen dituzten tresnez baliatuz  mundu osoari herrialde arabiarren errealitatea erakutsi zioten. 
Mugetatik at, atzerriko hedabideek ekintzaile bakezaleen hotsen oihartzunak islatu zituzten. BBC bezalako kateek egiptoar blogariek kontatzen zutena jaso zuten. Giroa bero-bero zegoen sarean eta Internetek ahalbidetzen duen mugarik gabeko komunikazioa aprobetxatu zuten zenbait egiptoarrek. Ahmad Sherifek egin zuen bezala. Mubaraken gobernuarekin arazorik ez izateko, Aalam Wassef ezizena erabili zuen bere bloga sortzeko. Blogsfera adierazpen askatasunaren aldarrikapenaren oholtza bilakatu zenComo los egipcios “televisaron” la revolucion cuando los medios no lo hicieron bideoak erakusten duen moduan, masa-hedabideak Gobernuen kontrolpean daudenez, herritarrak beste bide batzuk aurkitzen saiatzen dira beraien ezinegona eta haserrea adierazteko.



Komunikazioa erreminta ikaragarri indartsua da eta Internet komunikazio perfektua eta eraginkorra lortzeko baliabide bilakatu da. Ahmad Sherif bezalako kasuek erakusten dute, nola hain ekintza xumeek Interneti esker benetako matxinadan bihurtu daitezkeen.
Gizarte mugimenduak beti egon dira, masa beti existitu da. Aitzitik, Internet gaurko kontu bat da eta azken urteotan komunikazio eredua guztiz aldatu egin du. Teknologia berriak gero eta uztartuagoak daude gizartean eta indibiduoak hainbat baliabide ditu eskura bere mezua munduan zehar zabaltzeko. 
Egun, pertsona bakar batek sekulako zarata sortu dezake. Aliaa Elmahdy-ren kasua da hori. Bere blogean argazki pertsonal batzuk eskegi zituen, non bere gorputz biluzia erakusten zuen, xede bakar batekin: askatasuna, bere zentzu osoan, aldarrikatzea. Herri musulmanetan ematen diren zentsurak salatu nahi zituen; nola ezagutzan, hala sexualitatean eta adierazpen askatasunean ematen direnak. 
Horrela bere Facebook-eko orrialdean honako hau idatzi zuen: “Indarkeria, arrazakeria, sexismoa, sexu erasoak eta hipokrisia bultzatzen dituen gizartearen kontrako oihuen berri ematen ari naiz”. Era berean, Elmahdy-k bere blogean biluztasunaren argitalpena askatasunaren adierazle zela esan zuen: "Edonon libre bizi izateko eskubidea dut. Zoriontsua eta pozik sentitzen naiz benetan librea naizenean" .
Dudarik gabe, Aliaak formula berritzaile, ausarta eta irudimentsua erabili du munduaren arreta erakartzeko. Baina ekintza txikiek ondorio larriak izan ditzaketela esaten dute eta argazki horiek talde islamiko baten haserrea piztu dute, Zuzenbide Islamikoan Graduatuen Koalizio Egiptoarrarena, hain zuzen. Talde horrek Aliaa Magda Elmahdy salatu egin du, haren jarrerak moraltasuna urratzen duelako eta islama iraundu egiten duelako. Ondorioz, emakume gazte hau laurogei zigorrada hartzera zigortu dezakete; are gehiago, heriotza-zigorra ezarri diezaiokete.
Ez da erraza kultura islamista gizarte demokratiko batean eraldatzea, baina egiptoarren jarrera zirikatzaileak bestelako komunikazioa erdietsi dezakeenaren erakusle dira. Internet bere aliatu bilakatu du Aliaak, aldaketa soziala lortzeko tresna ezin egokiagoa delako. Indibiduoa sarean mintzatzen da eta nahita edo nahigabez bere mezua munduan zehar zabaltzen da. Aliaaren blogak bost milioi bisita izan ditu jadanik eta momentu honetan Twitterren 30.563 jarraitzaile ditu eta Facebook-en 43.723 harpidedun.
Internet eta sare sozialekin mundu berri bat aurkeztu zaigu eta hain da sakona informazio isuria non ez dakigun nork zuzendu dezakeen hori. Bien bitartean, bestelako komunikazioak, aberririk ez duen matxinada, gorrotoaren aurka altxatzen den errebolta horizontala eta demokratikoa izaten jarraitzen du. Beraz,  momentua aprobetxatu eta jalgi gaitezen sarearen amaraunera!


http://www.bbc.co.uk/news/world-africa-16068010
http://www.antena3.com/noticias/mundo/mujeres-israelies-desnudan-apoyar-bloguera-egipcia_2011112000054.html
http://www.clarin.com/mundo/bloguera-egipcia-desnuda-mujeres-saquen_0_616138566.html
http://lacomunidad.elpais.com/vagabundo/2011/11/26/aliaa-elmahdy-bloguera-egipcia-se-desnuda-los-barbudos

lunes, 2 de enero de 2012

Hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna erreportaje multimediaren zein zibertestuaren bereizgarriak

Erreportaje baten planifikazioan eta sorkuntzan hainbat prozedura-urrats aurreikusi behar dira produktu borobila eta bikaina lortzeko. Grabazioarekin hasi aurretik xehetasun anitz hartu behar ditugu kontutan kalitatezko erreportaje bat egin nahi badugu. Besteak beste, erabaki linguistiko-diskurtsiboak. 

Testuak ezinbesteko funtzioa betetzen du erreportajean eta horregatik egileak argi eta garbi izan behar du zein den testu mota bakoitzaren betebeharra. Garrantzi gutxiko zerbait dirudien arren, erreportajearen garapenean estrategia diskurtsiboak nahitaezkoak dira gaia aukeratzen dugunetik edizio momentua arte. 

Betiko kontuak izan dira hauek, baina gaur egun, Internet eta teknologia berrien eraginez, erreportajearen ezaugarriak aldatu egin dira eta beraz, estrategia diskurtsiboak ere testuinguru berrira egokitu behar ditugu.

Erreportaje tradizionala erreportaje multimedia bilakatu da. Generoaren xedea eta esentzia trinko mantentzen dira baina elementu berriak agertzen dira: hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna.

Internet-ekin garai berri bat zabaldu da eta erreportajearen generoa medio berrira moldatu egin da. Produktua lineala izatetik multilineala izatera pasa da, hau da, hipertestuala bilakatu da eta horregatik ibilbide desberdinak aurreikusi behar ditugu. Halaber, erabiltzaileak askatasun osoa dauka gura duen moduan eskainitakoa kontsumitzeko. 

Interneten beste ezaugarrietako bat multimediatasuna da. Baliabide desberdinak uztartu ditzakegu sarean; bideoa, audioa, argazkia, infografia eta testua. Horrek aberastu egiten du erreportajea, baina era berean, zailtasunak dakartza estrategia linguistiko-diskurtsiboak hartzerakoan testua euskarri guztietara moldatu behar baitugu. 

Internetek aukera berri bat eskaintzen du; erreportajearen inguruan eztabaidatu. Erabiltzaileak bere iritzia eman dezake kontsumitutakoaren inguruan eta iruzkinak eskegi sarean. Beraz, kazetaritza mezuaren izaera itxia desagertu egin da eta produktu ireki bat izatera pasa da. Horren ondorioz, interaktibotasunaren kontzeptua agertzen da, egilearen eta erabiltzailearen arteko komunikazioa zuzenagoa eginez. Baina Liliam Marrerok esaten duen moduan, "la interactividad no se da desde el mensaje sino del medio". 



Erreportaje multimediaren bereizgarriak aztertu eta gero, esan dezakegu, Interneten testu bat sortzerakoan eta sarean behar bezala kokatzeko, aintzat hartu beharreko estrategia eta erabaki linguistiko-diskurtsibo garrantzitsuenak, hipertestuaren antolakuntza integratu, baliabide multimedien kudeaketa eta elkarreraginaren ustiatzearekin zerikusia dutela.


Erreportaje multimediak: