ZuZeu albistariak hiru urte bete ditu sarean. 2009ko apirilaren 14an plazaratu zen ofizialki euskaldunon orainkari horizontala. Hiru urte ez da ezer izenburupean sarreratxo bat eskegi dute webgunean, non audientzia datuak argitaratzen dituzten. Sarrera kopuruak, erabiltzaileak, jarraitzaileak goraka doaz. Zorionak, harro egoteko modukoa benetan.
Hiru urte ez dela ezer esaten dute, baina egun pairatzen ari garen krisiarekin bizirik irautea erronka handia da. Are gehiago euskal hedabideentzat, eta ZuZeu sarean erreferente bilakatu da euskaldunentzat. Baliabide gutxirekin euskaraz kalitatezko produktua ekoiztea lortzeaz gain, euskal komunitate birtuala sortu du. Elkarreragin handiko hedabide honek erabiltzailea sarean adieraztea ahalbidetzen du puri-purian dauden gaiaz eztabaidatuz.
Berrogei urte igaro dira dagoeneko Ramon Saizarbitoriak, berak esaten duen moduan, bere opera prima idatzi zuenetik. Egunak aurrera doaz, garaiak agintzen duen bezala, baina hurbilekoak ditugu egun, idazleak orduan jorratzen zituen gaiak. Orain ere galdera bera daukagu buruan; arraroak direlako gelditzen diren mutilzahar, ala mutilzahar gelditu direlako bihurtzen diren arraro.
Erantzuna gorabehera, batzuentzat mutilzahar izatea patuaren apeta da, eta beste batzuentzat, aldiz, bizitzeko modu bat besterik ez da, hautatua.
Errebeldia arraro bat sumatu dut beti ene baitan, eta laket ez izan arren, egiatia banaiz, hein batean, horrek eraman nau galbidera.Halaber, gizarteak egin duen moduan, natura ere ez da emakumearen alde jarri. Mutilzahar eta neskazahar izatea ez da berdin. Are gehiego, haurdun bazaude. Egoerak erkatuz, emakumeak ezin dugu ihes egin, baina gizona salba daiteke.
Egunero hasten delako,emakumeok, gure buruak losintxatuz, inoiz ez minberatuz, aurrera egin behar dugu.
Sarrera honen bidez, nire jarduera profesionala ezagutzera eman nahi dut. Ikus-entzunezko ikasketak amaitu nituenetik, 8 urte eman ditut telebistan, batik bat, albistegietan, kazetari, kamara eta unitatemugikorretanteknikari moduan. Hona hemen Multimedia Komunikazio Masterra hasi aurretik egindako ibilbidea:
Ikus-entzunezko ikasketak egin nituen Bartzelonako Unibertsitatean (UAB, 1998-2002)
Telebistan (BTV) eta Irratian (RNE4) egin nituen praktikak, katalanez.
Multimedia Postprodukzio ikastaroa egin nuen Andoainen. (2002-2003)
Teledonostin bi urte igaro nituen kazetari eta kamara moduan. (2003-2005)
Programa sinple batekin ekoiztutako bideo honetan, Teledonosti-n egindako erreportajeak daude.
Kamara bezala hasi nintzen eta unitate mugikorraren arduradun bilakatu nintzen. Bi urte eman nituen teknikari moduan, zuzenekoak, play outs eta gertakari ezberdinen emankizunak egiten.
Eindhoven UEFA Final Cup (2006)
Antena 3 katearentzat ordezkapenak egin nituen kazetari lanetan. (2010, 2011)
Lehenengo bideoan, Antena 3-n egindako lan batzuk ikus ditzakezue. Eta bigarren bideoan, Multimedia Komunikazio Masterrean egindako erreportajearen zatitxo bat. Off ahotsa nirea da.
Komunikazioa dut pasio. Hizkuntzak maite ditut, erdaraz eta euskaraz eroso, eta katalanez, frantsesez eta ingelesez ondo moldatzen naiz. Bidaiatzea atsegin dut. Euskal hedabide batean lan egitea da nire erronka.
Egunotan eztabaida berpiztu da euskarak EITBn duen agerpenaren inguruan. Izan ere, Mikel Basabek, Aralarreko kideak, Legebiltzarrera eraman du mintzagaia, eta Blanca Urgell Kultura Sailburuari eskaera bat egin dio: EITBko kazetariek euskaldunei esanak erdaraz errepikatzeko ohitura ezabatzea.
Harrezkeroztik, sarea bero-bero dago, eta hainbat iruzkin egin dira aldeko eta kontrako jarrerak erakutsiz. Hain zuzen ere, sustatu.com webguneak jasotzen dituenen artean, Blanca Urgellek berak, eta Mikel Basabek berak, egindako adierazpenak agertzen dira.
Dirudienez, Aralarreko kideak ez du argi elebidunari kortea gaztelaniaz eskatzeko ohitura estilo-liburuan jasotzen denetz. Horrela izanez gero, Basaberen esanetan, EITBko zuzendari nagusiari, kazetarien jardun horrekin amaitzeko eskatuko dio hurrengo administrazio-kontseiluan Jose Inazio Basterretxearen bitartez.
Horren harira, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak, euskaraz esandakoa erderaz errepikatzea, EITBko administrazio kontseiluak 2005ean adostutako erabakia dela esan du. Izan ere, irizpide hori kazetariek eurek ezarri dute, eta horrela jasotzen da estilo-liburuan. Beraz, hori horrela izanez gero, Aralarrek EITBren estilo-liburuaren aldaketa eskatuko luke.
EITBk euskara eta erdara kudeatzeko aintzat hartzen dituen jarraibideak zeintzuk diren argitzea zaila da. Ahalegin horretan, EITB euskararen arduraduna den Asier Larrinaga Larrazabalenera jo dut informazio bila. Bere esanetan, EITBk ez du estilo-libururik, eta Kultura Sailburuak Legebiltzarrean egin zuen agerraldian hala esan arren, beste dokumentu batez ziharduela esan du. Hain zuzen, 2005ean EITBko Administrazio Kontseiluak batzar batean aurkeztutako eta onartutako "EITBrako hizkuntza funtsak" deritzona.
Mikel Basabe, Mkel Arana, Alberto Surio, Blanca Urgell (EFE)
Euskara eta erdararen presentziaren kudeaketa, erronka konplexua eta interesgarria da aldi berean. Betiko kontua da, izan ere, 1992.urtean argitaratutako lehenengo "Euskarazko Albistegietarako Esku-liburua"n, jadanik, gaia hizpide zen. Horrela esaten zuen orduko Euskal Irrati Telebistako zuzendari nagusia zena, Iñaki Zarraoa Zabala: nonnahi sortzen dira kritikak eta kezkak. Ongi etorriak izan daitezen. Kritikak eta kezkak egiteko gauza den gizartea bizia da eta kezka eta kritika horiek egin eta onartzeko gauza den erakundea erakunde bizia da. Euskal Irrati-Telebista bizirik dago eta aurrerantzean ere halaxe iraun nahi du. Hala bedi!
20 urte pasa dira harrezkeroztik, eta egun komunikazio arloan murgilduta gaudenok, gauza bera pentsatzen dugu: ez dago euskaraz bizitzerik euskarazko komunikaberik gabe. Euskal Irrati eta Telebista, euskararen normalizaziorako tresna ezin egokiak izaten jarraitzen dute, eta Iñaki Zarroak esaten duen moduan, euskaldun guztiek beren aisi denbora euskaraz betetzeko, informazioa euskaraz jasotzeko eta edozein ikuskizun euskaraz dastatzeko eskubidea dute.
Eta helburu horiek betetzeko, irrati eta telebistako langile eta kazetariek lan ikaragarria egin dute eta eginkizun horretan jarraitzen dute. Horregatik, polemikatik at, kazetarien iritzia zein den jakitea gustatuko litzaidake.
Seguru nago, ez dela erraza interes profesional eta interes soziolinguistikoen artean oreka bilatzea. Are gehiago, albistegien nondik norakoak zehatz mehatz ezagutzen dugunok, badakigu kaleko lana askotan oso zaila gertatzen dela; albistearen inguruan hitz egingo duten lekukoak aurkitzea ez da lan xumea, eta horregatik, kazetariek pertsona berdinari euskaraz eta erdarazko korteak eskatzen dizkiote. Ez dago denbora galtzerik, eta euskaldun batek bi hizkuntzatan ondo moldatuz gero, kazetariari mesede handia egiten dio.
Manu Arrasate Mugerzak 1992. urtean argitaratutako lehenengo EITBko "Euskarazko Albistegietarako Esku-liburuan esaten zuen moduan, albisteak erlojua du beti etsai eta askotan kazetariak ez du lana behar bezala gertatzeko betarik izaten, nahiz inoiz denbora falta aitzakitzat ere har daitekeen.
Arestian esandako guztia kontutan hartuta, EITBko albistegietako kalitate linguistikoaren irizpideen artean, nire aburuz, funtzionaltasuna lehenetsi beharko litzateke. Ez dugu ahaztu behar, kazetari bakar batek egiten duela lan bi kateentzako. Beraz, ETB1 eta ETB2 kanalak dauden bitartean, kazetariak, jasotzen duen materialarekin, ahal duena egingo du. Dudarik gabe, lekukoei galdetzerakoan hizkuntza askatasuna errespetatu beharko litzateke. Halere, guztiz zilegia da kazetariek bi hizkuntzatan galdetzea. Elebidun izateak ez du euskara zertan kaltetzerik.
Arazoa beraz, materiala kudeatzerako garaian datorrela irizten diot. Horregatik, eta bi kate daudenez, euskarazkoa eta gaztelerazkoa, bakoitzean bakoitzak bere hizkuntzan mintzatzea hoberena izango litzatekeela iruditzen zait.
Euskaldunok eta batez ere, haur eta gazteek, hedabideen euskera izango dugu eredu. Horrexegatik, EITBk euskararen kalitatearen inguruan dituen irizpideak kezkatu egin behar gaitu, baina ez gaitezen hain zorrotzak izan, eta utz diezaiegun profesionalei bere lana egiten, guztion onurako izango baita.
Amaitzeko, Manu Arrasate Mugerzak EITBko lehenengo esku-liburuan idatzitako hitzak gogoratu nahiko nituzke: euskal gizartean egia da esaera zaharrak dioena, "zenbat buru, hainbat aburu". Hizkuntza aurrera aterako bada ordea, zerbait gehiago ere erantsi beharko genioke errefrauari, "zenbat buru, hainbat aburu", baina beti batasuna helburu.
Xabi PayaMultimedia Komunikazio Masterrean izan dugu irakasle. Nahiz eta gure artean ordu gutxi batzuk egon, merezi izan du ikasleei eskainitako klase magistrala. Adimen handiko tipoa da; hain gaztea izanda egundoko eskarmentua du hainbat esparrutan: bertsolaritza, itzulpegintzan, irakaskuntzan...
Urtarrilaren 23an egon zen Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Falkultatean. Ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoa izan zituen hizpide lau orduko saioan. Ohiko den moduan, irakasgaiari amaiera emateko ariketatxo bat egiteko eskatu zigun; hain zuzen ere ikus-entzunezko hiru pasarte desberdin aztertzeko eta euskarara itzultzekotan zein ahozkotasun eredura itzuliko genukeen justifikatzea.
Multimedia produktu bat euskarara itzultzerako orduan hainbat parametro aintzat hartu behar ditugu. Izan ere, erregistro egokia aukeratzeko ezinbestekoa da produktuaren testuinguruari erreparatzea. Horrela, lantzen den gaia, formaltasun maila, komunikabidearen kanala eta komunikazioaren xedea gure itzulpena baldintzatuko dute.
TVEko albistegia, 2001ko irailaren 11n
Albistegi batean erabiliko dugun euskara mota oso desberdina izango da pelikula batean erabiliko dugunarekin alderatuz. Adibidez, Ana Blanco kazetariak esaten duena euskarara itzuli beharko banu eredu normatibizatzailea erabiliko nuke. Izan ere, albistegi bateko ahozko testuek euskara batuaren arauak aintzat hartu behar dituzte.
Erabiltzen den euskara maila neutrala izan behar du era guztietako hartzaileek esandakoa uler dezaten. Horregatik, euskara batuan itzuli beharko genuke. Mezua azkar, erraz eta ondo helarazi behar dugu. Halaber, euskararen kalitate linguistikoaren irizpideak kontutan hartuz pasarte honetan zuzentasuna gailenduko nuke jatortasuna eta egokitasunaren gainetik. Albistegietako kazetariek zentzu guztietan zuzenak izan behar dute.
Haatik, pasarte hau berezia da zuzeneko iruzkinak agertzen direlako. Normalean albistegiek ez diote inprobisazioari tarterik uzten, baina kasu honetan ezinbestekoa suertatzen da. Telebistako esatariak izugarrizko lana egin behar du hizkuntzaren formaltasun maila mantentzeko albistearen berri ematen duen heinean. Bideoan agertzen diren isiluneak ezohizkoak dira albistegietan, baina azken orduko irudiak eta informazioa kudeatzeak hein batean zuzentasun gramatikala baztertu egiten du. Hau da, zuzentasuna informazioaren menpe gelditzen da.
Fuga de cerebros
Fuga de cerebros eta Torrentefilmen kasuan aldiz, eredu normalizatzailea erabiliko nuke. Bi pelikulek entretenimendua dute xede eta biek hizkuntzaren formaltasunari dagokionez maila kolokiala erabiltzen dute. Horregatik, ez dute zuzentasunaren irizpidea jarraitu beharrik kalitate linguistikoa jorratzeko.
Bi kasuetan egokitasuna gailenduko nuke eta komunikabidearen kanala aintzat hartuz eredu normalizatzaile kuantitatiboa edo kualitatiboa erabiltzea erabakiko nuke. Horrela, filma ETBn ematekotan eredu kuantitatiboa hautatuko nuke eta tokian tokiko telebista batean ematekotan eredu kualitatiboa izango litzateke. Beharbada, Fuga de cerebros filma Anfitrioi bereziafilmakerabiltzen duen eredua jarraituz itzuliko nuke eta Torrenterena aldiz,Aupa Etxebeste filmak erabiltzen duena.
Torrente, el brazo tonto de la ley
Arestian esan dudan bezala, itzulpena era egokian egiteko aldez aurretik produktua aztertu behar dugu: Torrente, el brazo tonto de la ley pelikula bat da non ezohizko polizia desatsegin baten nondik norakoak erakusten duen. Formaltasun mailari dagokionez, aztertutako pasartean hizkuntza kolokiala eta argota erabiltzen dute. Eta azkenik, film honen helburua ikus-entzulea entretenitzea da besterik gabe.
Bideoaren jatorrizko hizkuntza kotutan hartuz,Torrenteren filma itzultzeko hika eta zukaerabiliko nuke. Pasarte honetan bi erregistro mota agertzen direla deritzot; bata Torrentek erabiltzen duena, oso kolokiala eta batzuetan argota dena eta bestea, Rafik erabiltzen duena askoz formalagoa dena. Halaber, Rafik "usted" forma erabiltzen du nolabaiteko begirunea azalduz eta Torrentek aldiz ez.
Euskara batuan hika eta zuka erabiliz itzuliko nuke pasarte hau. Halere, jatortasuna gailentzeko lagun bati kaleko hizkuntzan itzultzeko eskatu nion eta emaitza honako hau izan da:
Porrotx pailazoa izan dugu bisitan Multimedia Komunikazio Masterrean. Bere esperientzia pertsonala eta profesionala partekatu du ikasleekin. Bizitza honetan onena jasoz, onena eman digu.
Jose Marik Agirretxek 25 urte daramatza euskara alaitasunez kalera ateratzen. Inurri baten moduan, gure kultura, nortasuna eta oinarria munduan zehar zabaldu du inor zapaldu gabe. Hasiera batean Lasarte-Oriako herrigintzan jaio zen proiektua, euskara, alaitasuna eta baloreak ardatz dituen proiektu sendo batean bilakatu da.
Jose Mari berak aitortzen du orduko garaietan oso ganberro izan zirela baina pixkanaka-pixkanaka errealitatetik jasotako gaietatik saioak sortzen hasi ziren. Espero ez duzun lekuan gai bat agertzen dela esan du.
Ane pirataren kasua da hori. Piratak ipuin-saileko pertsonaia minbiziak jota hil zen neskatila elgoibartar batean oinarrituta dago. Ane Perez-en istorioa ezagutu dut gaur. Dudarik gabe eredugarria da Aneren jarrera bizitzarekiko, azken eguna arte bizitzaz gozatzen. Ilusioa eta energia positiboa ezinbestekoak dira bizitzari aurre egiteko eta Jose Mariren hitzak azpimarratuz, hobe da gutxi bizitzea abenturaz beteta, asko bizitzea abentura gutxirekin baino.
Umorearekin koloretako mundu bat sortu nahi dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Mundu globalizatu honetan gurea bezalako herri txiki batek eta gurea bezalako hizkuntza gutxitu batek bere lekua duela erakusten digute egunero. Pailazoak eredu dira haurrentzat eta horregatik eskertzekoa da gure lagunek Irrien lagunak kluba bezalako proiektuak sustatzea.
Oso aberatsa da gure herria, aspalditik gatoz eta urrutira goaz, beraz, gauzak lasai hartu eta krisi garai honetan irudimena eta auzolana landu. Bihotza, burua, eskua. Pentsatu, sentitu, eta ekin denok elkarrekin!
Porrotxek mundua kolorekoa dela erakutsi digu. Mila esker, maite zaitut.