martes, 3 de enero de 2012

JALGI HADI SAREAREN AMARAUNERA

Idoia Gaton


Otsailaren 11n ehunka mila pertsona Kairoko Tahrir plazara jalgi ziren Egiptoko historia norabidez aldarazteko. Egiptoarrak kalera atera ziren trumilka, 30 urteko indarkeria eta ustelkeria amaitzeko eskatzeko. 847 lagunek eman zuten bizitza Hosni Mubarak diktadorea boteretik kentzearen truk. 

Matxinada Interneten hasi zen. Askatasunaren oihuak sarearen amaraunean entzuten  hasi ziren. Egiptoarrek etxean gertatzen ari zenaren berri eman nahi zuten zentsuraren mugak gaindituz. Internet eta teknologia berriek eskaintzen dituzten tresnez baliatuz  mundu osoari herrialde arabiarren errealitatea erakutsi zioten. 
Mugetatik at, atzerriko hedabideek ekintzaile bakezaleen hotsen oihartzunak islatu zituzten. BBC bezalako kateek egiptoar blogariek kontatzen zutena jaso zuten. Giroa bero-bero zegoen sarean eta Internetek ahalbidetzen duen mugarik gabeko komunikazioa aprobetxatu zuten zenbait egiptoarrek. Ahmad Sherifek egin zuen bezala. Mubaraken gobernuarekin arazorik ez izateko, Aalam Wassef ezizena erabili zuen bere bloga sortzeko. Blogsfera adierazpen askatasunaren aldarrikapenaren oholtza bilakatu zenComo los egipcios “televisaron” la revolucion cuando los medios no lo hicieron bideoak erakusten duen moduan, masa-hedabideak Gobernuen kontrolpean daudenez, herritarrak beste bide batzuk aurkitzen saiatzen dira beraien ezinegona eta haserrea adierazteko.



Komunikazioa erreminta ikaragarri indartsua da eta Internet komunikazio perfektua eta eraginkorra lortzeko baliabide bilakatu da. Ahmad Sherif bezalako kasuek erakusten dute, nola hain ekintza xumeek Interneti esker benetako matxinadan bihurtu daitezkeen.
Gizarte mugimenduak beti egon dira, masa beti existitu da. Aitzitik, Internet gaurko kontu bat da eta azken urteotan komunikazio eredua guztiz aldatu egin du. Teknologia berriak gero eta uztartuagoak daude gizartean eta indibiduoak hainbat baliabide ditu eskura bere mezua munduan zehar zabaltzeko. 
Egun, pertsona bakar batek sekulako zarata sortu dezake. Aliaa Elmahdy-ren kasua da hori. Bere blogean argazki pertsonal batzuk eskegi zituen, non bere gorputz biluzia erakusten zuen, xede bakar batekin: askatasuna, bere zentzu osoan, aldarrikatzea. Herri musulmanetan ematen diren zentsurak salatu nahi zituen; nola ezagutzan, hala sexualitatean eta adierazpen askatasunean ematen direnak. 
Horrela bere Facebook-eko orrialdean honako hau idatzi zuen: “Indarkeria, arrazakeria, sexismoa, sexu erasoak eta hipokrisia bultzatzen dituen gizartearen kontrako oihuen berri ematen ari naiz”. Era berean, Elmahdy-k bere blogean biluztasunaren argitalpena askatasunaren adierazle zela esan zuen: "Edonon libre bizi izateko eskubidea dut. Zoriontsua eta pozik sentitzen naiz benetan librea naizenean" .
Dudarik gabe, Aliaak formula berritzaile, ausarta eta irudimentsua erabili du munduaren arreta erakartzeko. Baina ekintza txikiek ondorio larriak izan ditzaketela esaten dute eta argazki horiek talde islamiko baten haserrea piztu dute, Zuzenbide Islamikoan Graduatuen Koalizio Egiptoarrarena, hain zuzen. Talde horrek Aliaa Magda Elmahdy salatu egin du, haren jarrerak moraltasuna urratzen duelako eta islama iraundu egiten duelako. Ondorioz, emakume gazte hau laurogei zigorrada hartzera zigortu dezakete; are gehiago, heriotza-zigorra ezarri diezaiokete.
Ez da erraza kultura islamista gizarte demokratiko batean eraldatzea, baina egiptoarren jarrera zirikatzaileak bestelako komunikazioa erdietsi dezakeenaren erakusle dira. Internet bere aliatu bilakatu du Aliaak, aldaketa soziala lortzeko tresna ezin egokiagoa delako. Indibiduoa sarean mintzatzen da eta nahita edo nahigabez bere mezua munduan zehar zabaltzen da. Aliaaren blogak bost milioi bisita izan ditu jadanik eta momentu honetan Twitterren 30.563 jarraitzaile ditu eta Facebook-en 43.723 harpidedun.
Internet eta sare sozialekin mundu berri bat aurkeztu zaigu eta hain da sakona informazio isuria non ez dakigun nork zuzendu dezakeen hori. Bien bitartean, bestelako komunikazioak, aberririk ez duen matxinada, gorrotoaren aurka altxatzen den errebolta horizontala eta demokratikoa izaten jarraitzen du. Beraz,  momentua aprobetxatu eta jalgi gaitezen sarearen amaraunera!


http://www.bbc.co.uk/news/world-africa-16068010
http://www.antena3.com/noticias/mundo/mujeres-israelies-desnudan-apoyar-bloguera-egipcia_2011112000054.html
http://www.clarin.com/mundo/bloguera-egipcia-desnuda-mujeres-saquen_0_616138566.html
http://lacomunidad.elpais.com/vagabundo/2011/11/26/aliaa-elmahdy-bloguera-egipcia-se-desnuda-los-barbudos

No hay comentarios:

Publicar un comentario