sábado, 14 de abril de 2012

Zorionak ZuZeu




ZuZeu albistariak hiru urte bete ditu sarean. 2009ko apirilaren 14an plazaratu zen ofizialki euskaldunon orainkari horizontala. Hiru urte ez da ezer izenburupean sarreratxo bat eskegi dute webgunean, non audientzia datuak argitaratzen dituzten. Sarrera kopuruak, erabiltzaileak, jarraitzaileak goraka doaz. Zorionak, harro egoteko modukoa benetan.


Hiru urte ez dela ezer esaten dute, baina egun pairatzen ari garen krisiarekin bizirik irautea erronka handia da. Are gehiago euskal hedabideentzat, eta ZuZeu sarean erreferente bilakatu da euskaldunentzat. Baliabide gutxirekin euskaraz kalitatezko produktua ekoiztea lortzeaz gain, euskal komunitate birtuala sortu du. Elkarreragin handiko hedabide honek erabiltzailea sarean adieraztea ahalbidetzen du puri-purian dauden gaiaz eztabaidatuz. 

Komunikazio eredu dinamiko, berritzaile eta erakargarria sustazen du ZuZeuk, eta ahalegin horretan itxura berrituarekin agertu zaigu gaurko egunean. Hirugarren urteaurrena ospatzeko opari ederra ZuZeulari guztientzat.





jueves, 8 de marzo de 2012

Emakumea naiz eta harro nago

Berrogei urte igaro dira dagoeneko Ramon Saizarbitoriak, berak esaten duen moduan, bere opera prima idatzi zuenetik. Egunak aurrera doaz, garaiak agintzen duen bezala, baina hurbilekoak ditugu egun, idazleak orduan jorratzen zituen gaiak. Orain ere galdera bera daukagu buruan; arraroak direlako gelditzen diren mutilzahar, ala mutilzahar gelditu direlako bihurtzen diren arraro. 
Erantzuna gorabehera, batzuentzat mutilzahar izatea patuaren apeta da, eta beste batzuentzat, aldiz, bizitzeko modu bat besterik ez da, hautatua.
Errebeldia arraro bat sumatu dut beti ene baitan, eta laket ez izan arren, egiatia banaiz, hein batean, horrek eraman nau galbidera. Halaber, gizarteak egin duen moduan, natura ere ez da emakumearen alde jarri. Mutilzahar eta neskazahar izatea ez da berdin. Are gehiego, haurdun bazaude. Egoerak erkatuz, emakumeak ezin dugu ihes egin, baina gizona salba daiteke.
Egunero hasten delako, emakumeok, gure buruak losintxatuz, inoiz ez minberatuz, aurrera egin behar dugu.



sábado, 3 de marzo de 2012

Nire jarduera profesionala

Sarrera honen bidez, nire jarduera profesionala ezagutzera eman nahi dut. Ikus-entzunezko ikasketak amaitu nituenetik, 8 urte eman ditut telebistan, batik bat, albistegietan, kazetari, kamara eta unitate mugikorretan teknikari moduan. Hona hemen Multimedia Komunikazio Masterra hasi aurretik egindako ibilbidea:

  • Ikus-entzunezko ikasketak egin nituen Bartzelonako Unibertsitatean (UAB, 1998-2002)
  • Telebistan (BTV) eta Irratian (RNE4) egin nituen praktikak, katalanez.
  • Multimedia Postprodukzio ikastaroa egin nuen Andoainen. (2002-2003)
  • Teledonostin bi urte igaro nituen kazetari eta kamara moduan. (2003-2005)

Programa sinple batekin ekoiztutako bideo honetan, Teledonosti-n egindako erreportajeak daude.



  • Ordezkapenak egin nituen Telecinco katearentzat Donostian. (2005)
  • K2000-n egon nintzen "Pika-pika" saioan bideoak ekoizten. (2005)
  • Lau urte Gloway Broadcast Services enpresan, besteak beste, zuzenekoak egiten. (2006-2010)




Thierry-ren atxiloketa Frantzian (2008)
Cuatro katearentzat zuzenekoa (2007)


Kamara bezala hasi nintzen eta unitate mugikorraren arduradun bilakatu nintzen. Bi urte eman nituen teknikari moduan, zuzenekoak, play outs eta gertakari ezberdinen emankizunak egiten. 



Eindhoven UEFA Final Cup (2006)


  • Antena 3 katearentzat ordezkapenak egin nituen kazetari lanetan. (2010, 2011)

Lehenengo bideoan, Antena 3-n egindako lan batzuk ikus ditzakezue. Eta bigarren bideoan, Multimedia Komunikazio Masterrean egindako erreportajearen zatitxo bat. Off ahotsa nirea da.

http://dl.dropbox.com/u/46280499/Informa%20Idoia%20Gaton.flv

Komunikazioa dut pasio. Hizkuntzak maite ditut, erdaraz eta euskaraz eroso, eta katalanez, frantsesez eta ingelesez ondo moldatzen naiz. Bidaiatzea atsegin dut. Euskal hedabide batean lan egitea da nire erronka.





viernes, 17 de febrero de 2012

EUSKARAREN INGURUKO IKA-MIKA EITBN BETIKO KONTUA

Egunotan eztabaida berpiztu da euskarak EITBn duen agerpenaren inguruan. Izan ere, Mikel Basabek, Aralarreko kideak, Legebiltzarrera eraman du mintzagaia, eta Blanca Urgell Kultura Sailburuari eskaera bat egin dio: EITBko kazetariek euskaldunei esanak erdaraz errepikatzeko ohitura ezabatzea.

Harrezkeroztik, sarea bero-bero dago, eta hainbat iruzkin egin dira aldeko eta kontrako jarrerak erakutsiz. Hain zuzen ere, sustatu.com webguneak jasotzen dituenen artean, Blanca Urgellek berak, eta Mikel Basabek berak, egindako adierazpenak agertzen dira.

Dirudienez, Aralarreko kideak ez du argi elebidunari kortea gaztelaniaz eskatzeko ohitura estilo-liburuan jasotzen denetz. Horrela izanez gero, Basaberen esanetan, EITBko zuzendari nagusiari, kazetarien jardun horrekin amaitzeko eskatuko dio hurrengo administrazio-kontseiluan Jose Inazio Basterretxearen bitartez.

Horren harira, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak, euskaraz esandakoa erderaz errepikatzea, EITBko administrazio kontseiluak 2005ean adostutako erabakia dela esan du. Izan ere, irizpide hori kazetariek eurek ezarri dute, eta horrela jasotzen da estilo-liburuan. Beraz, hori horrela izanez gero, Aralarrek EITBren estilo-liburuaren aldaketa eskatuko luke.

EITBk euskara eta erdara kudeatzeko aintzat hartzen dituen jarraibideak zeintzuk diren argitzea zaila da. Ahalegin horretan, EITB euskararen arduraduna den Asier Larrinaga Larrazabalenera jo dut informazio bila. Bere esanetan, EITBk ez du estilo-libururik, eta Kultura Sailburuak Legebiltzarrean egin zuen agerraldian hala esan arren, beste dokumentu batez ziharduela esan du. Hain zuzen, 2005ean EITBko Administrazio Kontseiluak batzar batean aurkeztutako eta onartutako "EITBrako hizkuntza funtsak" deritzona.

Mikel Basabe, Mkel Arana,  Alberto Surio, Blanca Urgell (EFE)
Euskara eta erdararen presentziaren kudeaketa, erronka konplexua eta interesgarria da aldi berean. Betiko kontua da, izan ere, 1992.urtean argitaratutako lehenengo "Euskarazko Albistegietarako Esku-liburua"n, jadanik, gaia hizpide zen. Horrela esaten zuen orduko Euskal Irrati Telebistako zuzendari nagusia zena, Iñaki Zarraoa Zabala: nonnahi sortzen dira kritikak eta kezkak. Ongi etorriak izan daitezen. Kritikak eta kezkak egiteko gauza den gizartea bizia da eta kezka eta kritika horiek egin eta onartzeko gauza den erakundea erakunde bizia da. Euskal Irrati-Telebista bizirik dago eta aurrerantzean ere halaxe iraun nahi du. Hala bedi! 

20 urte pasa dira harrezkeroztik, eta egun komunikazio arloan murgilduta gaudenok, gauza bera pentsatzen dugu: ez dago euskaraz bizitzerik euskarazko komunikaberik gabe. Euskal Irrati eta Telebista, euskararen normalizaziorako tresna ezin egokiak izaten jarraitzen dute, eta Iñaki Zarroak esaten duen moduan, euskaldun guztiek beren aisi denbora euskaraz betetzeko, informazioa euskaraz jasotzeko eta edozein ikuskizun euskaraz dastatzeko eskubidea dute.

Eta helburu horiek betetzeko, irrati eta telebistako langile eta kazetariek lan ikaragarria egin dute eta eginkizun horretan jarraitzen dute. Horregatik, polemikatik at, kazetarien iritzia zein den jakitea gustatuko litzaidake.

Seguru nago, ez dela erraza interes profesional eta interes soziolinguistikoen artean oreka bilatzea. Are gehiago, albistegien nondik norakoak zehatz mehatz ezagutzen dugunok, badakigu kaleko lana askotan oso zaila gertatzen dela; albistearen inguruan hitz egingo duten lekukoak aurkitzea ez da lan xumea, eta horregatik, kazetariek pertsona berdinari euskaraz eta erdarazko korteak eskatzen dizkiote. Ez dago denbora galtzerik, eta euskaldun batek bi hizkuntzatan ondo moldatuz gero, kazetariari mesede handia egiten dio.

Manu Arrasate Mugerzak 1992. urtean argitaratutako lehenengo EITBko "Euskarazko Albistegietarako Esku-liburuan esaten zuen moduan, albisteak erlojua du beti etsai eta askotan kazetariak ez du lana behar bezala gertatzeko betarik izaten, nahiz inoiz denbora falta aitzakitzat ere har daitekeen. 

Arestian esandako guztia kontutan hartuta, EITBko albistegietako kalitate linguistikoaren irizpideen artean, nire aburuz, funtzionaltasuna lehenetsi beharko litzateke. Ez dugu ahaztu behar, kazetari bakar batek egiten duela lan bi kateentzako. Beraz, ETB1 eta ETB2 kanalak dauden bitartean, kazetariak, jasotzen duen materialarekin, ahal duena egingo du. Dudarik gabe, lekukoei galdetzerakoan hizkuntza askatasuna errespetatu beharko litzateke. Halere, guztiz zilegia da kazetariek bi hizkuntzatan galdetzea. Elebidun izateak ez du euskara zertan kaltetzerik. 

Arazoa beraz, materiala kudeatzerako garaian datorrela irizten diot. Horregatik, eta bi kate daudenez, euskarazkoa eta gaztelerazkoa, bakoitzean bakoitzak bere hizkuntzan mintzatzea hoberena izango litzatekeela iruditzen zait.

Euskaldunok eta batez ere, haur eta gazteek, hedabideen euskara izango dugu eredu. Horrexegatik, EITBk euskararen kalitatearen inguruan dituen irizpideak kezkatu egin behar gaitu, baina ez gaitezen hain zorrotzak izan, eta utz diezaiegun profesionalei bere lana egiten, guztion onurako izango baita. 

Amaitzeko, Manu Arrasate Mugerzak EITBko lehenengo esku-liburuan idatzitako hitzak gogoratu nahiko nituzke: euskal gizartean egia da esaera zaharrak dioena, "zenbat buru, hainbat aburu". Hizkuntza aurrera aterako bada ordea, zerbait gehiago ere erantsi beharko genioke errefrauari, "zenbat buru, hainbat aburu", baina beti batasuna helburu.


martes, 10 de enero de 2012

Sentitu, pentsatu, ekin eta dantzatu denok Porrotxekin

Porrotx pailazoa izan dugu bisitan Multimedia Komunikazio Masterrean. Bere esperientzia pertsonala eta profesionala partekatu du ikasleekin. Bizitza honetan onena jasoz, onena eman digu.

Jose Marik Agirretxek 25 urte daramatza euskara alaitasunez kalera ateratzen. Inurri baten moduan, gure kultura, nortasuna eta oinarria munduan zehar zabaldu du inor zapaldu gabe. Hasiera batean Lasarte-Oriako herrigintzan jaio zen proiektua, euskara, alaitasuna eta baloreak ardatz dituen proiektu sendo batean bilakatu da. 

Jose Mari berak aitortzen du orduko garaietan oso ganberro izan zirela baina pixkanaka-pixkanaka errealitatetik jasotako gaietatik saioak sortzen hasi ziren. Espero ez duzun lekuan gai bat agertzen dela esan du. 

Ane pirataren kasua da hori. Piratak ipuin-saileko pertsonaia minbiziak jota hil zen neskatila elgoibartar batean oinarrituta dago. Ane Perez-en istorioa ezagutu dut gaur. Dudarik gabe eredugarria da Aneren jarrera bizitzarekiko, azken eguna arte bizitzaz gozatzen. Ilusioa eta energia positiboa ezinbestekoak dira bizitzari aurre egiteko eta Jose Mariren hitzak azpimarratuz, hobe da gutxi bizitzea abenturaz beteta, asko bizitzea abentura gutxirekin baino.

Umorearekin koloretako mundu bat sortu nahi dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek.  Mundu globalizatu honetan gurea bezalako herri txiki batek eta gurea bezalako hizkuntza gutxitu batek bere lekua duela erakusten digute egunero. Pailazoak eredu dira haurrentzat eta horregatik eskertzekoa da gure lagunek Irrien lagunak kluba bezalako proiektuak sustatzea.

Oso aberatsa da gure herria, aspalditik gatoz eta urrutira goaz, beraz, gauzak lasai hartu eta krisi garai honetan irudimena eta auzolana landu. Bihotza, burua, eskua. Pentsatu, sentitu, eta ekin denok elkarrekin!




Porrotxek mundua kolorekoa dela erakutsi digu. Mila esker, maite zaitut.

Agur Graxiana




Hemen duzue amaiera. Mila esker istorio honetan parte hartu duzuen guztioi! Zuen gustokoa izatea espero dugu.



jueves, 5 de enero de 2012

5.3 graduko lurrikara Karibeko Hispaniola uhartean

Idoia Gaton
Goizeko 05:30k aldera (bertako ordua) 5.3 graduko lurrikarak Errepublika Dominikarra astindu du. Epizentroa Santo Domingotik gertu izan da, San Jose de Ocoa-ko probintzian hain zuzen ere. Nahiz eta lurrikara hegoaldean izan, herri osoan nabaritu dute mugimendua, EFE agentziak esan duenaren arabera. 
Lur astinaldia hamar kilometro inguruko sakoneran izan da eta lur azaletik oso hurbil. Hori dela eta, ez da tsunami alerta piztu. Lurrikararen lehenengo orduetan indar gutxiko 4 erreplika egon dira.


Arratsaldeko bostak aldera (goizeko hamaikak Errepublika Dominikarrean) San Pedro de Macoris-en bizi den euskaldun batek esan duenaren arabera, ekialdeko eskualdean ez da lurrikara nabaritu. Telebistaren bidez izan du albistearen berri eta bertako biztanleak oso lasai daudela esan du. 


Richter eskalan 5.3ko indarra izan duen lur dardarak ez du ez hildakorik ez zuriturik eragin, soilik lur-jausi txiki batzuk. 



martes, 3 de enero de 2012

JALGI HADI SAREAREN AMARAUNERA

Idoia Gaton


Otsailaren 11n ehunka mila pertsona Kairoko Tahrir plazara jalgi ziren Egiptoko historia norabidez aldarazteko. Egiptoarrak kalera atera ziren trumilka, 30 urteko indarkeria eta ustelkeria amaitzeko eskatzeko. 847 lagunek eman zuten bizitza Hosni Mubarak diktadorea boteretik kentzearen truk. 

Matxinada Interneten hasi zen. Askatasunaren oihuak sarearen amaraunean entzuten  hasi ziren. Egiptoarrek etxean gertatzen ari zenaren berri eman nahi zuten zentsuraren mugak gaindituz. Internet eta teknologia berriek eskaintzen dituzten tresnez baliatuz  mundu osoari herrialde arabiarren errealitatea erakutsi zioten. 
Mugetatik at, atzerriko hedabideek ekintzaile bakezaleen hotsen oihartzunak islatu zituzten. BBC bezalako kateek egiptoar blogariek kontatzen zutena jaso zuten. Giroa bero-bero zegoen sarean eta Internetek ahalbidetzen duen mugarik gabeko komunikazioa aprobetxatu zuten zenbait egiptoarrek. Ahmad Sherifek egin zuen bezala. Mubaraken gobernuarekin arazorik ez izateko, Aalam Wassef ezizena erabili zuen bere bloga sortzeko. Blogsfera adierazpen askatasunaren aldarrikapenaren oholtza bilakatu zenComo los egipcios “televisaron” la revolucion cuando los medios no lo hicieron bideoak erakusten duen moduan, masa-hedabideak Gobernuen kontrolpean daudenez, herritarrak beste bide batzuk aurkitzen saiatzen dira beraien ezinegona eta haserrea adierazteko.



Komunikazioa erreminta ikaragarri indartsua da eta Internet komunikazio perfektua eta eraginkorra lortzeko baliabide bilakatu da. Ahmad Sherif bezalako kasuek erakusten dute, nola hain ekintza xumeek Interneti esker benetako matxinadan bihurtu daitezkeen.
Gizarte mugimenduak beti egon dira, masa beti existitu da. Aitzitik, Internet gaurko kontu bat da eta azken urteotan komunikazio eredua guztiz aldatu egin du. Teknologia berriak gero eta uztartuagoak daude gizartean eta indibiduoak hainbat baliabide ditu eskura bere mezua munduan zehar zabaltzeko. 
Egun, pertsona bakar batek sekulako zarata sortu dezake. Aliaa Elmahdy-ren kasua da hori. Bere blogean argazki pertsonal batzuk eskegi zituen, non bere gorputz biluzia erakusten zuen, xede bakar batekin: askatasuna, bere zentzu osoan, aldarrikatzea. Herri musulmanetan ematen diren zentsurak salatu nahi zituen; nola ezagutzan, hala sexualitatean eta adierazpen askatasunean ematen direnak. 
Horrela bere Facebook-eko orrialdean honako hau idatzi zuen: “Indarkeria, arrazakeria, sexismoa, sexu erasoak eta hipokrisia bultzatzen dituen gizartearen kontrako oihuen berri ematen ari naiz”. Era berean, Elmahdy-k bere blogean biluztasunaren argitalpena askatasunaren adierazle zela esan zuen: "Edonon libre bizi izateko eskubidea dut. Zoriontsua eta pozik sentitzen naiz benetan librea naizenean" .
Dudarik gabe, Aliaak formula berritzaile, ausarta eta irudimentsua erabili du munduaren arreta erakartzeko. Baina ekintza txikiek ondorio larriak izan ditzaketela esaten dute eta argazki horiek talde islamiko baten haserrea piztu dute, Zuzenbide Islamikoan Graduatuen Koalizio Egiptoarrarena, hain zuzen. Talde horrek Aliaa Magda Elmahdy salatu egin du, haren jarrerak moraltasuna urratzen duelako eta islama iraundu egiten duelako. Ondorioz, emakume gazte hau laurogei zigorrada hartzera zigortu dezakete; are gehiago, heriotza-zigorra ezarri diezaiokete.
Ez da erraza kultura islamista gizarte demokratiko batean eraldatzea, baina egiptoarren jarrera zirikatzaileak bestelako komunikazioa erdietsi dezakeenaren erakusle dira. Internet bere aliatu bilakatu du Aliaak, aldaketa soziala lortzeko tresna ezin egokiagoa delako. Indibiduoa sarean mintzatzen da eta nahita edo nahigabez bere mezua munduan zehar zabaltzen da. Aliaaren blogak bost milioi bisita izan ditu jadanik eta momentu honetan Twitterren 30.563 jarraitzaile ditu eta Facebook-en 43.723 harpidedun.
Internet eta sare sozialekin mundu berri bat aurkeztu zaigu eta hain da sakona informazio isuria non ez dakigun nork zuzendu dezakeen hori. Bien bitartean, bestelako komunikazioak, aberririk ez duen matxinada, gorrotoaren aurka altxatzen den errebolta horizontala eta demokratikoa izaten jarraitzen du. Beraz,  momentua aprobetxatu eta jalgi gaitezen sarearen amaraunera!


http://www.bbc.co.uk/news/world-africa-16068010
http://www.antena3.com/noticias/mundo/mujeres-israelies-desnudan-apoyar-bloguera-egipcia_2011112000054.html
http://www.clarin.com/mundo/bloguera-egipcia-desnuda-mujeres-saquen_0_616138566.html
http://lacomunidad.elpais.com/vagabundo/2011/11/26/aliaa-elmahdy-bloguera-egipcia-se-desnuda-los-barbudos

lunes, 2 de enero de 2012

Hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna erreportaje multimediaren zein zibertestuaren bereizgarriak

Erreportaje baten planifikazioan eta sorkuntzan hainbat prozedura-urrats aurreikusi behar dira produktu borobila eta bikaina lortzeko. Grabazioarekin hasi aurretik xehetasun anitz hartu behar ditugu kontutan kalitatezko erreportaje bat egin nahi badugu. Besteak beste, erabaki linguistiko-diskurtsiboak. 

Testuak ezinbesteko funtzioa betetzen du erreportajean eta horregatik egileak argi eta garbi izan behar du zein den testu mota bakoitzaren betebeharra. Garrantzi gutxiko zerbait dirudien arren, erreportajearen garapenean estrategia diskurtsiboak nahitaezkoak dira gaia aukeratzen dugunetik edizio momentua arte. 

Betiko kontuak izan dira hauek, baina gaur egun, Internet eta teknologia berrien eraginez, erreportajearen ezaugarriak aldatu egin dira eta beraz, estrategia diskurtsiboak ere testuinguru berrira egokitu behar ditugu.

Erreportaje tradizionala erreportaje multimedia bilakatu da. Generoaren xedea eta esentzia trinko mantentzen dira baina elementu berriak agertzen dira: hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna.

Internet-ekin garai berri bat zabaldu da eta erreportajearen generoa medio berrira moldatu egin da. Produktua lineala izatetik multilineala izatera pasa da, hau da, hipertestuala bilakatu da eta horregatik ibilbide desberdinak aurreikusi behar ditugu. Halaber, erabiltzaileak askatasun osoa dauka gura duen moduan eskainitakoa kontsumitzeko. 

Interneten beste ezaugarrietako bat multimediatasuna da. Baliabide desberdinak uztartu ditzakegu sarean; bideoa, audioa, argazkia, infografia eta testua. Horrek aberastu egiten du erreportajea, baina era berean, zailtasunak dakartza estrategia linguistiko-diskurtsiboak hartzerakoan testua euskarri guztietara moldatu behar baitugu. 

Internetek aukera berri bat eskaintzen du; erreportajearen inguruan eztabaidatu. Erabiltzaileak bere iritzia eman dezake kontsumitutakoaren inguruan eta iruzkinak eskegi sarean. Beraz, kazetaritza mezuaren izaera itxia desagertu egin da eta produktu ireki bat izatera pasa da. Horren ondorioz, interaktibotasunaren kontzeptua agertzen da, egilearen eta erabiltzailearen arteko komunikazioa zuzenagoa eginez. Baina Liliam Marrerok esaten duen moduan, "la interactividad no se da desde el mensaje sino del medio". 



Erreportaje multimediaren bereizgarriak aztertu eta gero, esan dezakegu, Interneten testu bat sortzerakoan eta sarean behar bezala kokatzeko, aintzat hartu beharreko estrategia eta erabaki linguistiko-diskurtsibo garrantzitsuenak, hipertestuaren antolakuntza integratu, baliabide multimedien kudeaketa eta elkarreraginaren ustiatzearekin zerikusia dutela.


Erreportaje multimediak: