martes, 10 de enero de 2012

Sentitu, pentsatu, ekin eta dantzatu denok Porrotxekin

Porrotx pailazoa izan dugu bisitan Multimedia Komunikazio Masterrean. Bere esperientzia pertsonala eta profesionala partekatu du ikasleekin. Bizitza honetan onena jasoz, onena eman digu.

Jose Marik Agirretxek 25 urte daramatza euskara alaitasunez kalera ateratzen. Inurri baten moduan, gure kultura, nortasuna eta oinarria munduan zehar zabaldu du inor zapaldu gabe. Hasiera batean Lasarte-Oriako herrigintzan jaio zen proiektua, euskara, alaitasuna eta baloreak ardatz dituen proiektu sendo batean bilakatu da. 

Jose Mari berak aitortzen du orduko garaietan oso ganberro izan zirela baina pixkanaka-pixkanaka errealitatetik jasotako gaietatik saioak sortzen hasi ziren. Espero ez duzun lekuan gai bat agertzen dela esan du. 

Ane pirataren kasua da hori. Piratak ipuin-saileko pertsonaia minbiziak jota hil zen neskatila elgoibartar batean oinarrituta dago. Ane Perez-en istorioa ezagutu dut gaur. Dudarik gabe eredugarria da Aneren jarrera bizitzarekiko, azken eguna arte bizitzaz gozatzen. Ilusioa eta energia positiboa ezinbestekoak dira bizitzari aurre egiteko eta Jose Mariren hitzak azpimarratuz, hobe da gutxi bizitzea abenturaz beteta, asko bizitzea abentura gutxirekin baino.

Umorearekin koloretako mundu bat sortu nahi dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek.  Mundu globalizatu honetan gurea bezalako herri txiki batek eta gurea bezalako hizkuntza gutxitu batek bere lekua duela erakusten digute egunero. Pailazoak eredu dira haurrentzat eta horregatik eskertzekoa da gure lagunek Irrien lagunak kluba bezalako proiektuak sustatzea.

Oso aberatsa da gure herria, aspalditik gatoz eta urrutira goaz, beraz, gauzak lasai hartu eta krisi garai honetan irudimena eta auzolana landu. Bihotza, burua, eskua. Pentsatu, sentitu, eta ekin denok elkarrekin!




Porrotxek mundua kolorekoa dela erakutsi digu. Mila esker, maite zaitut.

5 comentarios: